
2007-11-21 | 11:32:57
Telefono haria lapurtzen saiatu dira Zaldibian bart
Kablea eraman ez duten arren zerbitzua etenarazi egin dute
Bart ere telefono lineako haria lapurtzen saiatu dira Zaldibian, irailetik hona gertatzen den bosgarren gertaera bihurtuz. Oraingoan lapurrek ez dute kablea tokitik eramatea lortu, baina eten egin dute, linea moztuz. Telefonicak zerbitzua gaur egunean zehar berrezarriko duela esan du.
Atzo gaueko 22:45 inguruan izan zen lapurreta saiakera Zaldibian. 120 metro luze hari moztu zituzten lapurrek, baina Ertzaintza bertaratu zenean ihes egin zuten, kablea bertan utziz. Bilaketa hasi du Herrizaingo Sailak saiakera argitzeko, eta Zaldibia inguruan hiru lagun identifikatu dituzte, Errumaniako hiritarrak. Frogarik ezean, aske utzi dituzte.
Ondoren, goizaldeko 04:00ak aldera, Azkoitian beste eten bat atzeman zuten telefono linean, lapurretak saihesteko jarrita dauden detektagailuen bidez. Orduko saiakeran ere hari moztuta zuten arren ez dute eraman. Bigarren kasu horretan ere ez dituzte egileak atxilotu. Zaldibian 300 bat bezero geratu dira telefono eta internet zerbitzurik gabe (Azkoitian beste 150). Azkoitiko lapurreta saiakeraren harira, Ertzaintzak bost lagun identifikatu ditu gaur Zumarragan, Errumaniako hiritarrak denak, horietatik hiru goizaldean Zaldibian identifikatutako berak. Giltza fijo bat, zintzela eta frekuentzia inhibitzaile bat zuten arren, ez diote telefono harien lapurreta egotzi, ez zeukatelako aldean kablerik.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.