
2008-04-24 | 16:05:25
Gizartea
Uraren Interpretazio Zentroak banatuko ditu Arkakan arrantza egiteko baimenak
Orain arte Gaztelu Ehiza eta Arrantza Elakrtea arduratzen zen lan horretaz
Arkakako arrantza eskola, Uraren Interpretazio Zentrotik kudeatuko dute hemendik aurrera eta beraz, arrantza eskolan arrantzan egin ahal izateko baimenak bertan banatuko dituzte. Iazko denboraldian zehar Zaldibiako Gaztelu Ehiza eta Arrantza elkartea izan zen Arkaka arrantza eskolako barrutia kudeatu zuena, Gipuzkoako Arrantza Federakuntzarekin batera. Baimenak bestalde Arrese jatetxean banatzen zituzten. Arkaka Uraren Interpretazio Zentroak eguneko 10 baimen banatuko ditu eta asteko egun guztietarako balioko dute, asteartetarako izan ezik, asteartetan ezinezkoa baita barruti horretan arrantzan aritzea. Federatuek zein federatugabeek egin dezakete arrantza eremu horretan, baina batzuk eta besteek ordaindu beharrekoa desberdina da. Federatu helduek 4 euro pagatu behar dituzte eta federatu haurrek euro bakar bat. Federatugabe helduek zein haurrek berriz, 20na euro jarri beharko dituzte.
Arkaka Uraren Interpretazio Zentroa asteburu eta jaiegunetan bakarrik irekitzen dutenez, gainontzeko egunetan arrantzan egin nahiko lukeen edonork, aurreko larunbatean, igandean edo jai egunean hartu beharko lituzke arrantzan egiteko baimenak.
Uraren Interpretazio Zentroa goizeko hamaiketatik ordubietara bitartean eta arratsaldeko lauretatik zazpietara artean aurkitu dezakegu irekita.
Eremu horretan baimenik gabe arrantzan aritzen direnek Gipuzkoako Foru Aldundiko zaindarien isunak jasoko dituzte.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.