
2007-11-14 | 18:18:52
Kable lapurreten eraginak Zaldibian
Dagoeneko lau aldiz lapurtu dute telefonoaren kablea Zaldibian, bertako herritarrak telefono eta internet zerbitzurik gabe utziz. Azkenak, aste honetan bertan izan dira. Gertakari hauen inguruan eta herritarrengan izan duen eragina aztertzeko, Berria egunkariko Lara Madinabeitiak ikus-entzunezko erreportai hau egin du.
2007-11-13 | 19:58:43
Joxepanttoni Mendizabalek 100 urte bete ditu
Sendikoen eta lagunen artean ospatu du gaur mendea
Zaldibiako Saturdi auzoan bizi den Joxepanttoni Mendizabal andereak 100 urte, mendea, bete du gaur, azaroaren 13an. Etxean sendikoen, lagunen eta herrikideen bisita ugari jaso ditu, ongietorri abegitsua eginez denei.
2007-11-12 | 14:01:13
Telefono haria martxan da berriz Zaldibian, laugarren lapurretaren ondoren
Bart gaueko 02:00etan izan da azken lapurreta ahalegina
Joan den asteko bi lapurretek eragindako kalteak gainditzen ari zirela, bart gauean berriro lapurtu dute telefonoaren haria Zaldibian. Bertako bizilagun batzuk hedabideetara zabaldu nahi izan dute albistea, laugarren lapurreta dela eta "nazkatuta" daudela esanez. Honenbestez, gaur ere Zaldibiako etxe asko telefono eta internet zerbitzurik gabe egon dira. Hala ere, azken orduetan jakinarazi dutenez, telefonoaren haria berriz jarri dute Telefonicako langileek. Bestalde, Ertzaintzak jakinarazi duenez, azken lapurreten harira jarri zuten alarma sistemak bart gaueko 02:00etan eman die abisua. Patruila bat bertara joan eta kablea berriro ere moztuta zegoela ikusi dute, azken lapurreta izan zen lekutik 300 bat metrora. Lapurrek ihes egitea lortu zuten, baina ez zuten kablerik eramaterik izan.
2007-11-09 | 10:08:38
Munduko musika eta kulturen topagune bihurtuko da bihar Zaldibia
Gaueko 22:30ean hasiko da Sustraiez Blai musika jaialdia
Musika eta kultura ezberdinek bat egingo dute bihar Zaldibiako Sustraiez Blai jaialdian. Gaueko 22:30ean hasita, nazioarteko eta Euskal Herriko lau taldek joko dute Zaldibiako antzokian. Euskal Herritik, Ja ta Ja talde nafarra eta Makala DJ zarauztarra izango dira. Marseilatik datorren Raļ Na Rap taldeak berriz, Aljeriako Raļ musika eta Reggae estiloa uztartuko ditu. Kartel buru moduan datorrena berriz, Dr.Ring-Ding alemaniarra da, Europa mailan, musika jamaikarrari ekarpenik handiena egin dion artista bezala definitu dute adituek. Kontzerturako sarrerak, 12 eurotan daude salgai Ordiziako Goierriko Baratza dendan eta Beasaingo Irizar kafetegian daude salgai. Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dutenez, kontzertuan zehar Balear irletarako bidaia bat zozkatuko dute ikusleen artean.
2007-11-08 | 11:13:51
Zaldibiako ehiztari bat hil da Huescan, trenak harrapatuta
Kotxearekin trenbidea zeharkatzen ari zen, beste lagun batekin, eta trenak jo du ibilgailua
Gaur goizean Huescako Samiter herrian (Aragoi, Espainia) izandako istripu batean Zaldibiako Jose Inazio Irastorza ehiztaria hil da, zihoan kotxea trenak aurrean harrapatu duenean. Ehizera joanda ziren bi lagun, eta 4x4 ibilgailu batekin trenbidea gurutzatzen hasi direnean gertatu da ezbeharra. Trena zetorrela ikusi ez, eta kotxearekin karrilean zeudela jo ditu. Bi lagunetako bat hil egin da, Jose Inazio Irastorza zaldibiarra, eta bestea zaurituta dago.
2007-11-06 | 13:09:32
Lau egunetan bigarren aldiz lapurtu dute telefono haria Zaldibian
Konponketa lanak berriro hasi behar izan dituzte teknikariek
Pasa den asteburuan Zaldibian egin zuten telefono kablearen lapurretak 700 bezero utzi ditu telefono eta internet zerbitzurik gabe. Kalteak konpontzeko lanetan hasita zeudela jakinarazi zuen Telefonica enpresak. Oinarrizko zerbitzu batzutan dagoeneko jarria zuten linea atzo (anbulategian, udaletxean...). Baina bart gauean berriro lapurtu dute kablea Zaldibiako sarreran. Telefonicako langileek gaur goizean ekin diote berriro kablea jartzeko lanei, Zaldibarren baserriaren inguruan, "ahalik eta azkarren zerbitzua berriz martxan jartzeko" asmoarekin. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu zaldibiarrek noiz izango duten berriro ere telefonoa eta interneta erabiltzeko aukera. Bitartean, telefono mugikorren zerbitzua ondo dabilela baieztatu du enpresak. Guztira 700 bezero kaltetu ditu mozketak, eta hauen artean, etxe partikularrez gain, Udala, Kultur etxea edota Lardizabal herri eskola daude, hainbat komertziorekin batera.
2007-11-03 | 19:41:18
Telefono kablea lapurtu dute berriz Zaldibian, 700 abonatu zerbitzurik gabe utziz
Bart egin dute lapurreta, 1.000 metro inguru kable ostuz
Hilabetean bigarren aldiz telefono eta internet zerbitzurik gabe geratu dira zaldibiarrak, bart herriko hiru gunetan telefono haria lapurtu baitute. Guztira ia kilometroa luze eraman dute lapurrek, 1.000 metro inguru, hiru tokitatik hartuta. Goizean hasi dira Telefonicaren langileak hariak ordezkatzen, zerbitzua "lehenbailehen" berrezarriko dela azalduz.
2007-10-10 | 11:24:34
Jauregiren mutil lagunak istripua izan du kartzelako bisitatik bueltan zetorrela
Gasteiz inguruan izan du ezbeharra
Etxeratek jakinarazi duenez, Oskarbi Jauregiren mutil lagunak astelehenean istripua izan zuen, 21.00etan, Soto del Realetik bueltan zetorrela. Autoak kalte material handiak ditu baina Zaldibiko presoaren bikotekideak ez du kalte fisikorik jasan. Etxeratek salatu duenez, "dagoeneko 12 dira sakabanaketa politikak aurten eragin dituen istripuak eta 25 dira ezbehar horiek jasan dituzten presoen senide eta lagunak".
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.