
Efemeridea
Joxe Nazabalek etapa irabazi zuen Tourrean
Duela 31 urteko Santa Isabel egunean, 1977ko uztailaren 2an, Frantziako Tourreko etapa irabazi zuen Joxe Nazabal zaldibiarrak. KAS taldean zebilela, profesionaletako bere hirugarren denboraldian, Oloron Saint Marie-Gasteiz etapan (248,2 km) irabazle izan zen.
Entzute handia lortu zuen Nazabalen garaipenak. Goierritarra aldizkarian egindako elkarrizketan ere halaxe gogoratzen du berak: «Guk ordena genuen saiatu beharra zegoela irabazten. Doneztebetik Ezkurra bidean alde egin genuen belgiar batek, italiar batek eta hirurok. Haiek gelditu egin ziren. Haizea zebilela eta ez ginela ailegatuko esanez».
1977ko Tourreko hirugarren etapa zen. 7 ordu 35 minutu eta 30 segundoan osatu zuen Nazabalek Oloron-Gasteiz tartea (32,69 km/h-ko batazbestekoa). Lucien Van Linden iritsi zen bigarren Gasteizko helmugara, zaldibiarrarengandik 5:15era, eta Sercu hirugarren. Eguneko hiru mendate puntuagarrietatik bitan Joxe Nazabal pasatu zen aurreneko postuan, Ezkurran eta Huitzin; lehenengoan, Izpegin, Van Linden. Eddy Merckx 71. sailkatu zen egun hartan, eta Bernard Thevenet 72. tokian.
Hauek ziren KAS taldeko txirrindulariak 1977ko Tourrean: Francisco Galdos (31. dortsala), Julian Andiano (32), Jose Enrique Cima (33), Vicente Lopez-Carril (34), Enrique Martinez-Heredia (35), Jose Martins (36), Antonio Menendez (37), Joxe Nazabal (38), Jose Pesarrodona (39) eta Sebastian Pozo (40).
Hogeita bi etapa eta 4.092,9 kilometro eginda gero (aitzin-etapa aparte eta azken etapa bi zatitan banatuta), uztailaren 24an bukatu zen Parisko Eliseoko Zelaietan Tourra. Fleurancen ekainaren 30ean 100 txirrindulari irten baziren, 53k bukatu zuten 1977ko Tourra. Nazabalek ez zuen bukatzea lortu. Tour hura Bernard Thevenet frantziarrak irabazi zuen, Hennie Kuiper herbeherearra bigarren eta Lucien Van Impe belgiarra (Nazabalen iheskidea Gasteizko etapan) hirugarren zirela.
Tailerra
Pentsamendu positiboari buruzko tailerrak
ORDIZIA, Ordiziako Barrena kultur etxean - 2008-11-25
Ikastaroa
Areto-dantza ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Jubilatuen egoitzan - 2008-10-01
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.