Edukira joan

Goierriko Hitza

Zaldibia
2008ko abenduak 3, Asteazkena

;2008-07-06;GIZARTEA. Lardizabal, ikasle guztien maisu

Zaldibia ðð Francisco Ignacio Lardizabal apaiz idazlea jaio zela 202 urte bete ziren atzo. Hark idatzitako euskal gramatika Gipuzkoa osoko eskoletan banatzeko agindu zuen Diputazioak, euskara ikasteko.

Lardizabal, ikasle guztien maisu

aimar maiz

Liburu gehientsuen saldu dituen idazle goierritarra da, gaur egun ere, Francisco Ignacio Lardizabal zaldibiarra (1806-1855). XIX. mendeko lehen erdian bizi izan zen, Zaldibian jaio eta hil bitartean. Bi liburu idatzi zituen: erlijiozko ituna bat, eta euskararen gramatikari buruzkoa bigarrena.

Zaldibiako Zubiaurre kale-baserrian jaioa 1806ko uztailaren 5ean (atzoko egunez bete ziren 202 urte), apaiz ikasketak egin zituen, lehenik Lazkaoko karmeldarren komentuan, eta Burgosen eta Madrilen gero. Apaiz izan zen sorlekuan. Testamentu Zarreco eta Berrico Condaira liburua argitaratu zuen 1855ean Tolosan, hil zen urte berean. Hil ondoren, 1856an, argitaratu zuten Donostian Gramática Vascongada. Arrakasta izango zuen obra hark.

Hernanin bildutako Gipuzkoako Batzar Nagusiek erabaki zuten 1855ean Lardizabalen gramatika liburua zabaltzea. Probintziak bere kontura argitaratu, eta euskara irakasteko liburu baliotsua zelako Gipuzkoako eskola eta herri guztietan zabaltzeko agindu zuen. Azkuek esan zuen «garai hartako gramatikalaririk handiena» zela Lardizabal zaldibiarra.

Hizlari ona eta kontatzaile aparta izan behar zuen Lardizabalek. «Herriaren ahotik ikasita edo hartuta, ur gardena damaiguten horietakoa dugu Lardizabal», zioen Santi Onaindiak. Sorterriko hizkera freskoa eta joria eraman zuen zaldibiarrak bere bi liburuetara.

Izurriak jota hil zen

Berak ondutako lanen arrakasta ez zuen ikusi Lardizabalek. 1855eko abuztuaren 20an hil zen Zaldibian, urte hartan gogor erasan zuen izurritearen ondorioz. Gangeria edo kolera izurrite handia zabaldu zen mundu osoan, hirugarren izurrite bezala ezagutzen dena. Txinatik zabaldu zen Yersinia pestis bakteria kaltegarria, eta animaliei eta gizakiei eragin zien. Gaitzak jota hil zen Francisco Ignacio Lardizabal.

Zaldibiako herri eskolak idazle klasiko horren izena du gaur egun. Euskaltzaindiak 2006ko ekainaren 30ean batzarra Zaldibian egin zuen, Lardizabalen omenez.

Agenda

Txotxongiloak

'Hari gaineko karabeta' txotxongilo saioa, ikasleentzat
ORDIZIA, Ordiziako Herri Antzokian - 2008-12-03

Sariketa

Goiart V. Sariketara lanak aurkezteko egunak
ORDIZIA, Ordiziako Barrena kultur etxean - 2008-12-01

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.