Edukira joan

Goierriko Hitza

Zaldibia
2008ko abuztuak 29, Ostirala

;2008-07-10;GIZARTEA. Hamaika amets egiteko jaioak

Zaldibia ðð Hamaikagarren urtez ospatuko dute Gazte Festa egun hauetan; Zaldibiako Gazte Asanbladak jai giroa eta aldarrikapena uztartzen dituzten hainbat ekintza antolatu ditu astebururako.

Hamaika amets egiteko jaioak

arkaitz apalategi

Hamaika ikusteko, egiteko eta iraultzeko jaioak dira Zaldibiako gazteak. Aurrena Gazte Talde bezala eta azken aldian Gazte Asanblada moduan, urteak daramatzate herria pizteko ekitaldiak antolatzen. Gazte Festa izaten dute urteko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat; aurten hamaikagarren urtea egingo du zaldibiar gazteen jaiak.

Gaur hasi eta larunbat goizaldera bitartean hamaika ekitaldi antolatu dituzte herrian, denak ere jai giroa eta aldarrikapenak uztartuz. Hala, herriko gazteei parte hartzeko deia egiteaz gain, herritar guztiei eskatu nahi izan diete «euren etxeetako balkoietan Euskal Presoak Etxera eta AHTren aurkako banderolak nahiz ikurrinak» jar ditzatela.

Aldarrikapen kutsuko ekitaldiekin hasita, gaur arratsaldean AHTren kontrako bizikleta martxa egingo dute. Zaldibiatik abiatuta Ordizia zeharkatu eta Mariaratzera joango dira, atzera herrira bueltatzeko. Gauean, berriz, joan zen urteko Gazte Festaren DVDa emango dute. Eguna bukatzeko, abeslari bakarlarien gaua antolatu dute; kantariak herriko tabernetan ariko dira abesten.

Herriko kirol lehiaketen finalak

Asteburuko egitarauaren baitan kirolak ere izango du bere tartea. Izan ere, herriko gazteen artean jokatzen diren bi txapelketa nagusien finalak izango dira egunotan. Bihar arratsaldean XI. Sasipilotari Txapelketaren finala jokatuko dute. Larunbat eguerdian, berriz, futbito txapelketako azken partida jokatuko dute. Herritar ugarik parte hartu dute bietan, eta finalek ikuskmina sortu dute.

Tantaia eta errekako jolasak

Aurtengo berrikuntza nagusietako bat Amundarain errekako presa gainean jarri duten tantaia da. Gazteek aldenik alde zeharkatu beharko dute enborra, uretara erori gabe. Errekako jolasen ondoren mozorrotu egingo dira zaldibiarrak, gauean ere mozorro afaria egingo baitute. Aurretik The Txortains taldeak girotuko ditu herriko kaleak.

############

egitaraua

Gaur

12:00. Bandoa herrian zehar.

16:00. AHTren kontra bizikleta martxa Mariaratzera.

19:00. Txupinazoa eta zintzur bustitzea txarangarekin.

21:00. Ogitartekoekin afaria. Ondoren DVD emanaldia.

23:00. Abeslari bakarlarien gaua, herriko tabernetan.

Ostirala

11:00. Grafiti margoketa.

16:00. Mahai-ingurua: Saharar herriaren borroka.

18:30. XI. Sasipilotari Txapelketako finala.

20:00. Sagardo dastaketa.

23:00. Kontzertuak: Emon, Sense Poure eta Harrika.

Larunbata

12:00. Koadrilen arteko futbito txapelketako finala.

Gero. Triki-poteoa eta gazte bazkaria.

17:00. Amundarain errekan tantaia eta errekako jolasak.

19:30. The Txortains taldearen kale animazioa.

Ondoren. Mozorro afaria, kupela, jolasak...

Gauean. DJ Txo-ren emanaldia, goizaldera arte.

############

############

Hamar sagardo desberdin probatzeko aukera izango da bihar iluntzean

a. apalategi

Gazte Festako egitarauaren baitan indarra hartzen ari den ekitaldietako bat sagardo dastaketa da. Joan zen urtean izan zuen harrera ona ikusita, aurten sagardotegi gehiagotatik ekarri dute edaria.

Iaz sei sagardotegitakoak probatzeko aukera izan zen; aurten berriz, hamar izango dira. Aburuza, Aulia, Begiristain, Gartziategi, Isastegi, Larrarte, Lizeaga eta Zabala sagardotegietatik ekarri dituzte botilak, baita Zeraingo Otatza eta Ataungo Urbitarte sagardotegietatik ere. Guztira 360 botila ekarriko dituzte. Ostiral iluntzeko 20:00etan jarriko dituzte dastaketarako mahaiak herriko plazan.

Herritar guztiei irekita

Ekitaldia Gazte Festaren barruan antolatu badute ere, gainontzeko ekintzetan bezala gonbitea herritar guztiei zabaldu diete; «antolatu ditugun ekintzetan eta ikuskizunetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritarrei».

############

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.