
Barrutik eta kanpotik bustita
Festa Atzo bukatu zen Zaldibiako Gazte Festa; herritar ugarik parte hartu dute ekitaldietan.
i.gurrutxaga-a.apalategi
Hamaika ikusteko eta egiteko jaioak direla zioen Gazte Festa iragartzeko kartelak, eta asteburuak eman duena eta antolatutako ekitaldiek izan duten harrera ikusita, datorren urtean arrazoi bat gehiago izango dute gazteek festa honi eusteko. Gazteei eta gainontzeko herritarrei ere parte hartzeko deia egin zieten Gazte Asanbladakoek, eta asteburuko ekitaldietan bildu den jende kopurua ikusita, gustora egoteko moduan daude.
Atzoko eguraldia, euri zaparrada batzuk tarteko, festarako gogoa kentzeko modukoa izan zen, baina Zaldibiako gazteek ez zuten amore emateko asmorik, eta azkenean, barrutik eta kanpotik bustita, baina festa ederra egin dute asteburu osoan zehar.
Sasi pilotariak eta sagardoa
Herriko pilotari afizionatuen arteko txapelketak ikusmina sortu du aurten ere, eta ostiral arratsaldean, Toki Alai pilotalekua bete egin zen, finalak ikusteko. Emakumezkoen partida jokatu zuten aurrena. Nahikari Lopezek jantzi zuen txapela, Agurtzane Larrarte 18-10 mendean hartuta. Gizonezkoetan berriz, iazko bi finalistak izan ziren berriro ere, aurrez aurre. Partida estu baten ondoren, Joseba Zubeldiak 22-21 irabazi zion Harri Zumalderi. Partehartzea eta giro herrikoia bultzatu nahi ditu txapelketa honek, eta lagunarteko giroan bukatu zuten denek.
Behin partidak bukatuta, pilotalekutik plazara egin zuten herritarrek, sagardo dastaketa egitekoak baitziren bertan. Hamar sagardotegitako edaria probatzeko aukera eman zuten gazteek, eta herritarrek ez zuten hutsik egin. Beste behin ere, plaza bete egin zen eta herritarrek ez zuten askorik behar izan ekarritako botila guztiak bukatzeko.
Gauean, kontzertuekin gozatu eta parranda ederra egiteko aukera izan zen.
Ostiralean ez ezik, atzo ere izan zen festarako tarterik Zaldibian. Futbito txapelketako partidak, gazte bazkaria eta jolasak egin zituzten goizean zehar.
Amundarain errekan jolasean
Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, deialdiari eutsi egin zioten gazteek, eta Amundarain errekako presa gainean jarritako tantaian ibili ziren, puntan jarritako bandera harrapatu nahian. Aterkien laguntzarekin izan bazen ere, jende ugari bildu zen erreka inguruan. The Txortains eta DJ Txoren emanaldiekin eta mozorro festarekin bukatu zuten Gazte Festa.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.