
Gizartea ðð Zaldibiako sagardo txapelketa egingo dute gaur Zubi-Buru elkartean; bertako hamar bat baserritan egindako edariak aurkeztuko dituzte, gero denen artean onena aukeratzeko.
Sagardoa, etxeko uzta
arkaitz apalategi
Ehun urtez atzera egingo bagenu, Goierriko baserri askotan sagardoa etxean bertan egiten zutela ikusiko genuke. Baina urteetan zehar, baserria indarra galtzen joan den heinean, ohitura hori ere galdu egin da eskualdean. Zatirik handienean behintzat; izan ere, Zaldibia eta Gaintza inguruan badira ohitura eta langintza mantentzen duten hamabost bat etxe. Etxeko sagarra edo inguruetakoa bildu, eta bertako dolarean egiten dute, etxean edo lagunarteko afarietan edateko.
Duela urte batzuk, ohitura hori indartzeko asmotan, Zaldibiako sagardo txapelketa antolatzea erabaki zuen Zubi-Buru elkarteak. Aurreneko urte hartan hamabi bat etxetako sagardoak ekarri zituzten; hamabost izan ziren iaz. Joan den urteko uzta eskasa izan zen ordea, eta aurten bat edo beste aurkeztu edo ez zalantzan dagoela azaldu du Zubi-Buru elkarteko Haritz Belokik. Hala, aurten hamar bat baserritako sagardoak aurkeztuko dituztela espero dute.
Lehiaketaren funtzionamendua erraza da. Partaide bakoitzak hamarna botila eraman behar ditu iluntzerako. Elkarteko bazkideen artean edari guztiak probatu eta puntuak ematen dizkiete. Horrela aukeratzen dute, urtero, herriko sagardorik onena.
Arrue baserriko Xabier Mendizabalek lortu zuen iaz titulu preziatua. Joan Mari anaiak eta biek txikitatik ezagutu dute sagardoa egiteko ohitura euren etxean. «Gure aita zenak esaten zuen azken hirurogei urteetan etxean sagardo faltarik ez dela izan». Bi familiaren artean erabiltzen zuten eskuzko dolare zaharra. Hondatu zenean, ordea, «aurrera edo atzera» egin behar zela-eta bi anaien artean erosi zuten, duela hamabost bat urte. Eskuzkoaren ordez mekanizatutako prentsa jarri zioten, lanak errazte aldera.
Prozesu guztia etxean egiten dute. Bertan dituzte sagastiak, duela hogei bat urte landatutakoa; sagarra etxean garbitzen dute, gero txikitu eta dolarera botatzeko. Xabier Mendizabalek azaldu duenez astebetean egiten dute prozesu hori. Makina berriak berealdiko aurrerapena izan dira, lehen eskuz egiteak izugarrizko lana eskatzen baitzuen. Hala ere, sagardoa egiteko modua ez da asko aldatu: «Aitarengandik ikasi genuen bezalaxe egiten dugu».
Urtean mila litro inguru egin izan dituzte orain gutxi arte, baina gero eta jende gehiagok eskatzen diela ikusita, aurten 1.700 bat litro egin dituzte. Zatirik handiena etxean gelditzen da; «sagardo denboraldian astero egiten ditugu afariak». Txoko bat ere badute horretarako. Gainontzeko sagardoa, berriz, kupeletan ala botilatan, lagunen eta senideen artean banatzen dute. Arrue baserrian egindako sagardoa, Abaltzisketara ere eramaten du Mendizabalek.
Iazkoa urte txarra izan zen sagardogileentzat, uzta eskasa izan baitzen. Normalean etxeko sagastietako sagarra erabiltzen badute ere, aurten inguruetatik ere ekarri behar izan dute.
Lehiaketa gaur
Gaur egingo dute Zaldibiako sagardo lehiaketa. Parte-hartzaileek iluntzeko 19:00etarako eraman beharko dituzte botilak Zubi-Buru elkartera. Gainontzeko herritarrak 21:00etan elkartuko dira eta afari mokadu batekin lagunduta probatuko dituzte sagardoak. Bakoitzak sagardorik gustukoena aukeratuko du, puntuak emanez. Hala aukeratuko dute, denen artean, aurtengo sagardorik onena.
Festak
Agortako festa
BEASAIN, Agortan - 2008-09-07
Ospakizuna
Jubilatuen Eguna
ORDIZIA, Beti-Alai pilotalekuan - 2008-09-07
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.