Edukira joan

Goierriko Hitza

Zaldibia
2008ko abenduak 3, Asteazkena

;2008-07-26;ELKARRIZKETA. RUFINO IRAOLA. ´Idaztea erraza da, ulertzeko moduan idaztea ordea ez»

rufino iraola ðIdazlea

«Idaztea erraza da, ulertzeko moduan idaztea ordea ez»

Zaldibia Prentsan han eta hemen idatzi dituen iritzi artikuluak liburu batean bildu ditu Rufino Iraola zaldibiarrak, 'Bihotzaren zelaietan' saiakera osatuz.

aimar maiz

Idazteko egarria bertsolaritzaren iturritik datorkiola aitortzen du Rufino Iraolak (Zaldibia, 1945). Artxanberri bertsolariari buruz badu liburu bat (1999), narratiban ere beste batzuk bai, 1992an Irun Hiria saria jasoa. Orain, iritzigintzan egina duen ibilbidearen zati bat behintzat liburu bihurtu du, prenstan argitaratutako artikuluak moldatu, egokitu, eta gogoetarako esaldi banarekin hornituta: Bihotzaren zelaietan (Hiria).

Aurretik liburu ugari dituzu argitaratuta, 1994tik. 'Bihotzaren zelaietan' bestelakoa da.

Editore batek bultzatuta animatu nintzen lehenago, eta hau Txintxarri aldizkarian, DVn publikatutako iritzi zutabeekin osatutakoa da. Laburrago moldatuta sartu ditut, bukaeran batekin.

Sarrera idatzi dizun Felix Ibargutxik dio «erraz» idazten duzula.

Idaztea berez erraza izan daiteke, baina jendeak gero irakurri eta ulertu egin behar du esan nahi duzuna. Eta hori ez da ia hain erraza. Euskaraz, gainera, zailtasun batzuk badaude iritzigintzan. Ez dut esango erdaraz euskaraz baino hobeto idazten dudanik, baina ideiak tolestatzeko, iritziak osatzeko moduak eta formak euskaraz egitea ez da batere erraza. Ematen digu lana, bai.

Pentsarazteko idazten duzu; etikaz pentsarazteko askotan. Zerk kezkatzen zaitu?

Mundua nola dagoen ikusita kezkatzeko makina bat gai daude. Injustizia ugari dago, eta mundua zer motatako jendeak gobernatzen duen begiratuz gero badago zerekin kezkatua. Eta gertukoa iruditzen zait ahaztu egiten dugula askotan, hurkoaren gertutasuna, arazoak eta egoerak. Pentsatzen dut gehiegi ez ote garen erortzen abertzale - ez abertzale debate horretan. Horri baino garrantzia handiagoa ematen diot arlo sozialari, langileen egoerari, gazteen arazoei, etxebizitzari...

Artikuluak, 130 dira guztira eta orrialde pasatxokoak, esaldi edo ideia mamitsu banarekin bukatzen dituzu.

Egunkarirako idaten duzunean neurri jakina izaten du; materiala eduki ala ez, beti neurrira sartu behar duzu. Oraingoan, nik ondo dagoela iritzitako neurria ipini diot, eta bukaeratxo bat eman.

Tertulietan eta mahai-inguruetan ibilbide luzea duzu. Badirudi hizlariak denetik jakin behar duela. Hori ona da?

Hori niretzako nahiko lan zaila da. Aste guztian irakaskuntzan ibiltzen naiz, eta noizik behin tokatzen zaigu gertaeraren bati buruz, ekonomiari buruz, israeldarren eta palestinarren arteko gorabeherei buruz aritzea; hori gogorra egiten da. Gidoia aurrez bidaltzen digute teorian, baina ez da inondik ere jarraitzen. Ez da lan erraza, ez. Eta gero, gainera, batzuek oso erraz esaten dute esaten dutena. Berez nahiko timidoa naiz.

Neurri mugatura idatzi beharrak, hitz gutxirekin asko esan beharra, bertsolaritzaren ukitua edo eragina jaso al duzu?

Nik uste hortik hasi nintzela. Lehenengo kronikak bertsolaritzari buruzkoak egin nituen. Bertsozalea naiz, eta bertso mundua jaiotzetik bertatik ezagutu dudanez, bertsolaritza inportantea izan da idazterako orduan. Norbaitek esan zuen bertsolari frustratua nintzela eta horrek eragingo zidala; hori ere posible da. Baina bertsoak idatzi nituen behintzat, eta hor ere liburu bat atera nuen.

Jarraitzen al duzu bertsolaritza?

Lehen bezala ez. Garai batean bertsolaritza zerbait berezia zen niretzako, ikaragarri gustatzen zitzaidan. Gero, pixkanaka, xarma hori galtzen joaten da. Zerbait ezezaguna denean xarma handiagoa edukitzen du, gero barrura sartutakoan hor ere ikusten dituzu gauza txarrak, adinak ere ez du barkatzen... Gaurko bertsolaritza ez dut gehiegi jarraitzen.

'Bihotzaren zelaietan' liburua non eskuratu ahalko da?

Liburu-denda eta liburutegietan banatuko da, bide normaletatik.

Narratiba liburu bat ere prestatzen ari zara. Zerbait aurreratzerik?

Hilketa baten istorioa izango da. Euskal Herriko 1970. urte aldera zegoen zurrunbiloa eta gorabeherak izango ditu ardatz, guardia zibilak etorri eta ikurrinak erretzen zituztenekoa. Eleberria da, baina errealitateko gauza asko izango ditu barruan, historikotik ere badu. Udazken alderako egongo da prest.

############

liburua

Izenburua. 'Bihotzaren zelaietan'.

Egilea. Rufino Iraola Garmendia.

Argitaletxea. Hiria.

Gaiak. 1996tik 2003ra prentsan argitaratutako 130 iritzi artikulu, moldatuak. Orrialde bat pasatxoko luzeradunak.

Orrialdeak. 278.

############

############

«Abertzale-ez abertzale debateari baino garrantzi handiagoa ematen diot arlo sozialari»

############

############

«Munduko arazo handiez kezkatu ohi gara, eta gertuko arazoak ahaztu egiten ditugu»

############

Agenda

Bilera

Ordiziako Agenda 21 Foroko bilera bidegorri sareari buruz
ORDIZIA, Ordiziako Barrena kultur etxeko batzar aretoan - 2008-12-03

Lehiaketa

Postal eta idazlan lehiaketa
ORDIZIA, Ordiziako Urdaneta ikastetxean eta Jakintza ikastolan - 2008-11-18

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.